Barren Aldizkarirako Elkarrizketa

Autokarabanak ematen duen askatasuna izugarria da”

Autokarabanak ematen duen askatasuna izugarria da”

Maria Salegirentzat ez dago autokarabanaz bidaiatzea baino modu hoberik. Betidanik bidaiatu izan dute modu horretan, eta orain dela hiru urte pasioa zuena negozio-bide egitea otu zitzaion. Lanik gabe geratu zen, eta enpresa propioa sortu zuen. Autokarabanen alokairurako Kresala Caravan enpresa sortu zuen. Argi utzi du enpresaren aurpegia berea izan arren, fa- milia osoa duela atzetik. 

Noiz eta nola sortu zenuen Kresala Caravan?


Orain dela hiru urte lanik gabe geratu nintzen, eta buruari bueltak emanez bururatu zitzaidan enpresa hau sortzea. Guri izugarri gustatzen zaigu mundu hau, eta jende askok esaten zigun erretiroa hartzean autokarabana erosi eta bidaiatzera joango zirela. Hori guztia kontuan hartu eta kalkulu batzuk egin ostean, aurrera egitea erabaki nuen. Nire pasioa dena herritarrekin partekatzea oso polita iruditzen zait, eta jendearekin harreman zuzenean lan egitea pila bat gustatzen zait. Inbertsio handia eskatzen zuen negozio honek, baina gauzak gehiegi pentsatzea ere ez zait gustatzen, eta ausarta izatea erabaki nuen une hartan. Familiak babestu ninduen, eta enpresaren aurpegia ni naizen arren, familia osoa daukat atzean. Alabak komunikazioaren eta sare sozialen ardura dauka, eta nik bezeroekin egiten dut lan zuzenean.

Zer eskaintzen duzue?


Autokarabanak alokatzen ditugu. Bi autokarabana ekarri genituen hasieran, eta orain bost ditugu; hiru autokarabana eta bi camper furgoneta handi. Gure esku dagoen guztia egiten dugu bezeroaren beharrak asetzeko. Bezeroak ilusioa jartzen du, eta gainerakoa guk eskaintzen diogu. Autokarabana alokatzeaz gain, nahi duenari bidaia antolatzeko gomendioak eta laguntza ere eskaintzen diogu, guretzat oso garrantzitsua delako bezeroa pozik itzultzea.

Zein motatako bezeroak dituzue?


Autokarabanak probatzeko ilusioa edo kuriositatea duen jendea etortzen zaigu batez ere. Egia da modan jarri dela autokarabanaz bidaiatzea, bere garaian Santiagoko Bidea egitea modan jarri zen bezala, eta gaur egun badirudi autokarabana probatu ez duenari zerbait falta zaiola. Autokarabanen esperientzia gertutik ezagutzen dutenak eta euren azalean probatu nahi dutenak etortzen dira gehien. Autokarabana erosi nahi dutenak ere etortzen dira. Horrelako ibilgailuak erostea ez da merkea eta erosi aurretik probatu nahi izaten dute gehienek. Baina, bezeroen %80 lehenengo aldiz probatzera etortzen dira, eta bueltan berehala konturatzen gara zeini gustatu zaion esperientzia eta zeini ez. Batzuek idealizatuta daukate autokarabana: niretzako ez dago bidaiatzeko modu hoberik, baina beste askori ez zaie esperientzia gustatzen.

Koronabirusaren eraginez autokarabanen eskaera asko handitu dela entzun dugu. Igarri duzue zuek interes handiagoa dagoela orain?   

Bai, baina koronabirusak kalte ere egin digu, eta kalte handia gainera. Bat-batean negozioa itxi behar izan genuen eta erreserba guztiak bertan behera geratu zitzaizkigun, baita abuztukoak ere. Orain ondo ari gara lanean, eta abuzturako ere beteta ditugu autokarabana guztiak, baina abuztuan beti izaten ditugu autokarabanak martxan. Aurten komunikabideetan zabaldu dute autokarabanaz bidaiatzea dela oporrak modu seguruan bizitzeko aukerarik onena, baina kontuan izan behar da bidaiatzeko modu hau ez dela aproposa jende guztiarentzat. Hondartzako lehen ilaran apartamentua alokatzea eta autokarabanaz bidaiatzea ez dira gauza bera. Komunikabideek zabaldu duten mezu horrekin apur bat haserre nago. Autokarabanaz bidaiatzea izugarria da, baina ez edonorentzat. Koronabirusaren kontu honekin dei pila bat jaso ditut eta informazioa eskatzeko moduagatik soilik berehala konturatzen nintzen deitzen zuena esperientzia probatu nahian zebilen edo koronabirusagatik alternatiba bila zebilen. Batek galdetu zidan ea zortzi lagunentzat autokarabana bat baneukan. Hau ibilgailu bat da, ez da apartamentu bat eta hori argi eduki behar da.

Zein abantaila ditu autokarabanaz bidaiatzeak?


Niretzat dena da abantaila. Beti gustatu izan zait mundu hau. Lehenengo kanping-dendan bidaiatzen genuen, gero karro-kanping bat ere eduki genuen... Gure autoan ere lo egin izan dugu txakur eta guzti! Gero autokarabana erosi genuen, eta orain, au- tokarabanaren bat libre dagoenean aprobetxatzen dugu bidaiatzeko. Autokarabanak ematen duen askatasuna eta inprobisaziorako aukera izugarriak dira. Niri iruditzen zait autokarabanan sartzen zaren momentuan hasten direla oporrak, bidaia bera ere abentura bat delako.

Autokarabanak asko ugaritu dira, baina azpiegitura aldetik herrialdeak prestatuta al daude autokarabanaz bidaiatzeko?    

Frantzia eta Alemania oso ondo prestatuta daude, eta Espainia ere gero eta hobeto. Herrialde batzuei ez zaizkie autokarabanak gustatzen, uste dutelako autokarabanan bidaiatzen dutenek zikindu egiten dutela soilik eta ez diotela herriari ezer eskaintzen. Ni ideia horren kontra nago, familia gehienek autokarabana aparkatzen duten herrian kontsumitzen dutelako. Denetik dago, eta batzuek dena zikintzen dute, baina autokarabanaz bidaiatzen duen jende gehiena oso arduratsua da. Ura aurrezten ikasten da, ar- gindarra ere bai, zabor gutxiago sortzen ikasten da... Egia da autokarabanak asko ugaritu direla eta erabilera arau batzuk beharrezkoak direla, baina berez, autokarabana edozein aparkalekutan laga daiteke. Ezin dena da toldoa zabaldu, mahaiak atera eta edozein lekutan kanpatu, baina aparkatu eta lo egitea legez baimenduta dago edozein aparkalekutan.

Prezioari dagokionez, edonoren eskura dago autokarabanan bidaiatzea?    

Autokarabana bat alokatzea ez da merkea. Denboraldi altuan eguna 175 euroan daukagu, baina beti izaten dugu deskonturen bat, eta denboraldi bajuan asko merketzen da prezioa.

Autokarabana erostea ere ez da broma, eta erostekotan, erabiltzeko erosi behar da. Aste Santuan eta abuztuan bakarrik bidaiatzen dutenei nik ez diet gomendatzen erostea.

 

Erreportai osoa nahi baduzu irakurri klikatu  HEMEN

Anterior
Anterior

Kanpatzearen eta aparkatzearen arteko aldeak

Siguiente
Siguiente

KresalaCaravan COVID19 an