Europan zehar furgonetarekin 

Kaixo! Iker eta Enara gara eta 2018ko Gabonetan Europara egin genuen bidaia kontatuko dizuegu. 

Abuztuan bigarren eskuko camper bat erosi genuen, Renault Traffic bat; kanperizazio minimoarekin, ohea eta ezer gutxi gehiago. Oinarrizkoa izatearen alde ona arazorik gabe edozein lekutan lo egiteko aukera ematen digula da, ez baita nabaritzen bertan lotan gaudela.

Kontuan hartuta furgoneta “a lo grande” estreinatu nahi genuela, lehenengo aukera Gabonetan izango zela eta ni, Enara, Gabonen “friki” bat naizela, aukera onena Europan zehar murgiltzea iruditu zitzaigun. Gure helburua Holandara iristea zen (Bartzelonatik hasiko zen gure bidaia, nik Gabon Bezpera bertan pasatzen dudalako), eta hori kontuan izanda, gainerako ibilbidea planeatu genuen, joaneko bidea leku batetik eginaz, eta bueltakoa beste batetik. Herrialde ezberdinak gurutzatuko genituen, bakoitzaren inguruko ideia orokor bat egin, eta etorkizun batean jakinmin gehiago sortu ziguten horietara bueltatu. Furgoneta probatzeko aukera bat ere izango zen bidai hau, ikusten genizkion beharretaz ohartzeko, egin beharreko aldaketak ikusteko, etab.

Gehienetan, kale izkinetan, estali gabeko parkinetan, autokarabana guneetan… egin genuen lo, Amsterdamen izan ezik, bertan kanpin batean sartu ginen. Beraz, dutxei dagokienez, bidaia hasi aurretik aukera ezberdinak genituen begiratuta. Egia esan, herrialde hauetako zerbitzu gune gehienek, prezio sinboliko baten truke, dutxa eskaintzen dute. Dena den, Park4night aplikazioan dutxatzeko aukera ezberdinak topa ditzakezue.

1. EGUNA (abenduak 25): DEBA -BARTZELONA-MILLAU

Iker BARTZELONAra etorri zen nire bila, bazkaldu eta Frantziarantz irten ginen. Biok lehenengo super bidaia horietan sentitzen den urduritasun horrekin, etxea gainean daramazun lehen bidaian.

Lehenengo geltokia PARÍS izango zen, baina MILLAU izeneko Frantziako herri txikitxo batean geratu ginen lotan (autopistatik urruntzen zen herri seguru bat). Herri honetara joatea erabaki genuen, irakurri genuenaren arabera, KATALUNIA eta PARÍS arteko autopistako zerbitzuguneetan eta inguruko herri eta hirietan lapurreta ugari egoten baitziren. Autokarabana gune batean sartu ginen, 5€rengatik. Nahiz eta lotarako leku bat besterik ez zen izango, harritu gintuen herri horietako bat izan zen. Iluntzean buelta bat eman genuen eta kaleak hutsik zeuden (kontuan hartu behar da abenduaren 25a zela), hotz handia egiten zuen, baina gauez oso polita ikusten zen.

   

2. EGUNA (abenduak 26): MILLAU-PARÍS

MILLAUn esnatu ginen, furgonetako kristalekin izoztuta; logikoa, baina aurreikusi ez genuena. Denbora luzez egon ginen ura botatzen, parabrisei ematen, poliki-poliki izotza jausten hasi zen arte. Zerbitzu gune batean geratu ginen gosaltzeko. Kafetegietan zerbait beroa edatea izango zen eguneroko plana, baina gainontzeko gosaria geneukan (gailetak, zerealak, tostadak…).

Eguerdi aldera iritsi ginen PARÍSera. Irakurritakoaren arabera, ez zen erraza izango hirigunean debalde aparkatzea. Dena den, komentario bat irakurri genuen, hirigunean, dohainik, Senaren ertzean eta TORRE EIFFELetik gertu parking bat zegoela aipatzen zuena, baina bertara sarbidea nahiko ezkutuan zegoela eta ez zela jende asko iristen. Hiru aldiz pasatu ginen ondotik, ikusi genuen arte, izan ere, hasiera batean oinezkoentzat sarbide bat iruditu zitzaigun. Bati baino gehiagori galdetu genion ia posible zen bertan aparkatzea eta ia debalde zen, ezin genuen sinetsi, eta bai, hala omen zen. Argi zegoen egun batean ezin izango genuela hiri guztia ikusi, baina, bueno, eguerdian iritsi ginela kontuan hartuta, lekurik garrantzitsuenak edo ezagunenak ikusten denbora eman zigun.

   

3. EGUNA (abenduak 27): DISNEYLAN PARÍS-BRUJAS

Goizero lez, goiz jaiki ginen, DISNEYLAND PARÍS tokatzen zen gaurkoan (nire beste ilusioetako bat). Ez zegoen gure planen barruan, baina PARÍSen geundela, ezin nintzen geratu parkea bisitatu gabe. Gau horretan bertan erosi genituen sarrerak. Ez ginen oso gustura geratu… Jende gehiegi zegoen eta bi atrakziotan ibiltzeko aukera bakarrik izan genuen. Beraz, gogoarekin geratu ginen. Disneyko pertsonaia guztiekin egiten zituzten gabonetako desfile eta ikuskizunez gozatzeko aukera izan genuen, behintzat; haurtzarora bueltatzea bezala izan zen.

BELGIKArantz abiatu ginen. Hiru ordutan, besterik ez, BRUJASen geunden. Parking oso lasai batean aparkatu genuen, autobus geltokiaren ondoan eta erdigunetik oso gertu. BRUJAS, horrenbestetan entzundako ipuinetako hiritxo hura, eta behin bertan murgiltzen zarela, zur eta lur uzten zaituena. Gauez iritsi ginen eta buelta bat eman genuen bere kaleetatik, zerbait afaldu eta zerbezeria batera joan ginen, zerbeza-kata antzeko bat hartzera. 

Hiri gehienetara iluntzean iristen ginenez, kuriosoa zen lekuak lehenengo gauez, argiztatuta, gabon giro horrekin… ikustea, eta hurrengo goizean egunaren argiarekin leku berdinetatik paseatzea. Hiri beraren bi alde ezberdin ezagutzeko aukera ematen zigun horrek: eguneko bizitza eta gaueko bizitza.

   

4. EGUNA (abenduak 28): BRUJAS-GANTE 

Berriro ere BRUJASetik ibili ginen, baina oraingoan egunez. Bere kanaletatik nabigatu genuen, hiriaren beste ikuspegi bat ezagutzeko aukera egokia da. Furgonetara itzuli eta, esango nuke, bidai guztiko bazkaririk onena jan genuela, ¡lentejak sukaldatu genituen!

Karretera hartu eta GANTErantz joan ginen. Erakustazoka baten parkinean aparkatu genuen eta paseotxo bat emanez, zentrura iritsi  ginen, hona ere, iluntzean. BRUJASen estiloko hiri bat, baina handiagoa. Eraikin ikusgarriak, Gabonetako merkatuak, mota guztietako janari usaina, noria, kanalak… Horrelako hiriak bisitatzen ditudan bakoitzean, berdina pentsatzen dut, nola izan dezakegu hemen horren gustu arkitektoniko txarra… ez da horren zaila izango kaleak zertxobait politagoak egitea…

GANTEko jatetxe tradizional baten afaldu genuen, bertan Erasmusa egindako lagun batek gomendatuta: Amadeus Gent. Nahi beste saiheski jan daiteke, patata beteekin lagunduta, 18€ren truke. Guztia oso ona. Komeni da aurrez erreserba egitea, jende asko egoten baita.

Afalostean, GANTEko beste leku tipiko batera joan ginen: Dulle Griet. Zerbezeria bitxi bat, non zapata bat laga behar duzun fidantza bezala, zerbeza bat hartzeko. Jarrak horren handiak direnez, lapurretak saihesteko, zapata lagatzera behartzen zaituzte; beraz, imajinatu, komunera, erretzera… zapata bat gabe. Pitxarra horien pisua hain zen handia, ez zela erreza garagardoa edatea.

       

    

5. EGUNA (abenduak 29): GANTE-UTRECHT

Egunez, zertxobait gehiago ibili ginen GANTEko kaleetan zehar eta HOLANDA alderantz jo genuen. Lehenengo geltokia UTRECHT izango zen. Hirira sartu bezain pronto, Amsterdamen antza hartu genion. Kalean aparkatu genuen dohainik, kanal baten ertzean.

Lehenengo momentutik harritu gintuen zerbait, zera izan zen, etxe guztiak zeudela oso agerian, kortina gabe, barruko guztia oso argi ikusten zelarik. Zentrotik paseatu, zerbezaren bat hartu eta afaldu egin genuen. Hiri txiki bat den arren, merezi du geldialdi bat egitea bertan, kaleko-giro handia dauka eta Amsterdam eta gero, Herbehereetako hiri bisitatuena da.

    

6.-7. EGUNAK (abenduak 30-31): UTRECHT-AMSTERDAM

UTRECHTen gosaldu ondoren, AMSTERDAMerako norabidea hartu genuen. Bi gau pasako genituenez, kanpin batera joatea erabaki genuen: Zeeburg. Oso ondo dago, merkea eta instalazio egokiekin. Gainera, jendearen artean giro oso ona zegoen. Zentrora iristeko, kanpingetik gertu dagoen tranbia hartu behar da. Kanpinera sartu aurretik, hiri ondoko herri txiki bat bisitatu genuen, oso polita. Lehenengo arratsaldean zentrotik ibili ginen, coffeeshopetara joan ginen, afaldu, zerbait hartu… Eta hurrengo egunean goiz esnatu ginen freetour bat egiteko, oso gomendagarria iruditu zitzaigun.

Kontuan izanda abenduaren 31 zela, aurretik erreserbatu genuen afaria, gehiegi begiratu gabe, egia esan, denak topera baitzeuden ordurako. Bertan geundela, bikote batekin hitz egiten hasi eta arraroa iruditu zitzaien kanpokoak izanda bertara iritsi izana, AMSTERDAMeko jatetxerik onenetariko bat zela esan ziguten! Gustura afaldu genuen eta giro ona zegoen; ez pentsa garestiegia zenik, begiratutako beste leku batzuekin alderatuta. Afaldu ondoren, hiria guztiz eraldatu zen eta pirotekniak hartu zuen protagonismo guztia. Holandesak diren zentzuzkoak kontuan izanda, badirudi egun honetan dena dagoela onartuta.

  

8. EGUNA (urtarrilak 1): AMSTERDAM-VOLLEDAM-MARKEN-EDAM-DUSSELDORF

Goizaldean Herbehereetako hiru herri tipiko nahi genituen bisitatu: VOLLEDAM, MAKEN eta EDAM, hirurak xarma berezi batekin. Herri lasaiak, arrantzaleak, paseotxo bat emateko aproposak. Era berean, bidetik herrialdeko gazta eta zueko fabrika tipikoak bisitatu genituen.

    

Jarraian, DUSSELDOFera joan ginen, bertan pasatuko genuen gaua. Ibaiaren ertzean aparkatu genuen eta paseo bat jarraituz, zentrora iritsi ginen. Hiri polita da, baina egia da aurreko hiriek nibela oso altu laga zutela. Gainera, Urte Berri eguna zen eta Gabon osteko “resaka” hori somatzen zen, merkatuak jasotzen ari ziren eta jende gutxi zebilen kalean. 

Egon ginenetako taberna bat gomendatzen dizuegu, Kürtzer. Unibertsitateko ikasleek eramaten dute eta bertan egindako garagardo artisauak eskaintzen dituzte prezio onean.

   

9.EGUNA (urtarrilak 2): DUSSELDORF-LUXEMBURGO

LUXEMBURGO, guretzat herrialde exotiko bat; ez genuen informazio asko leku honen inguruan, baina positiboki harritu gintuen eta gure aurreikuspenak gainditu zituen. Hiri osoa ikusi genuen egun batean, eta bere xarma dauka, aurreko hiriekin konparatuz, estilo guztiz ezberdina. Gainera, oso ondo etorri zitzaigun furgonetako depositua betetzeko, gasolina oso merkea da. Hori bai, gasolina bakarrik, gainontzekoa oso garestia da… Hala ere, pozik geratu ginen geldialdi honekin, izan ere, bidetik geneukan leku bat izatetik, asko gustatu zitzaigun hiri bat izaten amaitu zuen. Hiritik oso gertu zegoen parkin batean pasatu genuen gaua.

   

10.EGUNA(urtarrilak 3): LUXEMBURGO-BASILEA-LUZERNA-MILAN

LUXEMBURGOn esnatu ginen eta furgonetak ez zuen ez aurrera ez atzera egiten, esku frenoa oztopatuta egongo balitz bezala. Eta hala zen, interneten begiratu ondoren, konturatu ginen esku frenoa izoztuta geneukala. Itxaron egin behar izan genuen motorra berotuz, azkenean martxan jartzea lortu genuen arte. Hurrengorako, badakigu: herrialde hotz hauetan ez da esku frenoa jarrita utzi behar.

Hurrengo helmuga SUIZA zen; bagenekien gaua pasatzeko zail izango genuela, gainera oso garestia da. Azkenean, egunez BASILEA eta LUZERNA  ikustea erabaki genuen, eta gero Italiarantz jotzea. Suiza, Holandarekin batera, gehiago sakontzeko gogoarekin geratu garen herrialde horietako bat da. Asko dauka ezagutzeko.

        

Gauean iritsi ginen MILÁNera eta dohaineko parkin batean laga genuen furgoneta, zentrotik oso gertu. Asko deitu zigun atentzioa hiri honek. Kontrastez beteriko hiria da. Luxua eta pobrezia elkartzen ziren espazio berdin batean. Izugarria zen prezio milioiduneko eskaparateak ikustea eta, eskaparate hauen hanketan etxerik gabe jendea lotan, denda hauek “zaintzen”. Hori bai, goizean leku beretik pasatzean, dena “garbi”. Ez ziren falta izan pizza bat eta pasta plater bat gure lehen bisitan herrialde honetara. 

11. EGUNA (urtarrilak 4): MILÁN-GÉNOVA-MARTIGUES

MILANen esnatu ginen eta aurreko egunean ikusitakoa nahikoa iruditu zitzaigunez, GENOVArantz abiatu ginen. Espektatiba gutxi jarri genituen hiri honetan ere, baina harritu egin gintuen. Alde zahar oso pintoresko bat, eta portua, berriz, modernoagoa. Bitxia izan zen portuan “Piolinen” itsasontzia ikusi genuela, Kataluniara bidali zutena urriko istiluen harira.

Etxerantz hurbiltzen goaz, baina lehenago Frantzian geratzen gara, MARTIGUESen. Azken gaua zenez, hostal bat hartzea erabaki genuen. Kostako herri txiki eta lasai bat da, baina, badirudi udan turistaz betetzen dela.

    

12.EGUNA (urtarrilak 5): MARTIGUES-DEBA 

Etxera iritsi ginen bidai luze eta ahaztezin honen ostean, baina ez pentsa lanean hasi aurretiko bi egun  horiek deskantsatzeko aprobetxatu genituenik, ez, DEBAn “Soroferi” eguna zen, beraz, maletak laga eta kalera.

Eskerrik asko,  Enara eta Iker,  zuen bidaia erakusteagatik.  

Guri gustatu zaigu eta "nota" batzuk hartu ditugu . Eta zuei, gustatu zaizue? smile  

Holako Abentura bat bizitzea nahi baduzue klikatu HEMEN.